Arkitektura-iraunkorra, Arkitektura-bioklimatikoa, Eko-arkitektura, TA (Teknologia-Aproposa), Diseinu-inteligentea etab. bezalako kontzeptuak, azken aldi hontan, kontzeptu-iraultzaile gisa denon ahotan entzuten dira, baina, ez dira batere kontzeptu berriak. Guzti horien helburua da energiaren gutxieneko gastua eginez konfort-maila maximoa lortzea, eraikinaren sentsuzko diseinuaren bidez; hau da, helburu nagusia, inguaren ezaugarrietara egokitzen den eraikina diseinatzea da, inguru horrek eskeintzen dituen baliabideak erabiliz eraikinaren barne espazioaren bizi-baldintza erosoenak lortzeko.
Hori izan da, teknologia berriek arkitekturaren funtzio nagusiak ordezkatzen hasi zituzten arte, eraikuntza sistema bernakularren ezaugarri nagusia. Eta hori da, oraindik ere, lurralde azpigaratuetan bizirauten duen arkitektura zaharra; ez, soilik, etxebizitza unitateari aplikatzen zaiona, baizik eta, herri osoaren izaeran eta traman irakurri daitekeena.
Esate baterako, lurralde arabiarren herri-mailako arkitektura eredutzat hartuta, ikusi daiteke ingurugiroaren baldintza naturalek herrien erlazio-kultural, ekonomiko eta giza-azpiegituren garapenean duten garrantzia. Edozein herri arabiarreko kaleen egituraketari begiratuz gero, pentsa daiteke inolako plangintza eta sentzurik gabeko eraikinen pilaketak direla; ez baitaukate mendebaldeko hirien kale zabal eta lerrokatuak, argi naturalaren sarrera errazteko pentsatuak daudenak.
Baina lekuko-klimaren ezaugarriak aztertuz gero, kale korapilotsu eta itxi horien arrazoi logikoa ulertu daiteke. Kaleak estuak esta ilunak dira; askotan material birziklatuzko estalki improbizatuekin itxiak, eta, bestetan, zaharrenetan alegia, ganga eta kupula dotorekin koroatuak. Kaleak iluntzeko ahalegin guzti horiek ez dira, hasiera batean pentsa daitekeenaren kontra, hautazko modu batean jarritako elementuak. Hiriak basamortuko lurralde idorretan kokatuak daude, non, eguzkiak egun osoan zehar gogor jotzen duen lurra. Ondorioz, kaleak estuak eta itxiak dira, eguzkiaren erasoa sahiesteko. Ez soilik ibiltariei itzala eskeintzeko, baizik eta, batez ere, etxebizitzen fatxadak babesteko eguzki izpien radiazioen aurrean. Azken finean, etxearen barnekaldea tenperatura baxuagoetan mantentzen laguntzeko.
Hiri horieko trazadurek ez dute arnasik hartzen, ez dute Europako hiriek dauzkaten espazio publiko ireki eta zabalak, “hiriaren birikak” deritzogunak. Arabiar hirietan, espazio publikoen ezaugarriak itxiak dira. Kanpotik barrura diseinatutako espazio zentripetoak dira, estaliak, eta, askotan, erdi lurperatuak. Horrek izaera pribatuago bat ematen dio hiriari, eta biztanleen arteko erlazioak, kaleak bezala, estutu egiten ditu.
Etxeen estalkiak lauak dira, ez baitute euriarekiko babesik behar. Hiriaren trazadura itxietako biztanleek, kota gainjarri hori osatzen duten estalkiak erabilgarriak egin dituzte. Ikaragarria da ikustea, kale kaotiko, korapilotsu eta nahasi horien gainetik, detaile txikienarekin landutako beste hiri-geruza bat gainjartzen dela. Beste gune irekien faltaren aurrean, bertako biztanleek, guk ez bezala, hiriaren dimentsio horri etekina ateratzen ikasi diote. Eta ohikoa da, adreiluzko hiri horizontalaren gainetik, urrezko kupula, marmolezko terraza eta dorre altuak ikustea.
Baina guzti horrek, funtzio praktiko bat dauka hiria klimara egokitzeko bidean.
Bada, adibidez, hiri paisaia betetzen duten dorre sistema konplexu bat. Bagdir dorreak dira, haize-dorreak, Hego-ekialdeko arkitektura tradizionalean ohiko bereizgarriak direnak. Haize-dorre horien funtzioa, haizea jaso eta oinarrian daukaten hiri-kotara bideratzea da. Horiek dira, ain zuzen, “hiriaren birikak”.
Espazioa girotzeko elementu tradizionalak dira: Iparraldeko haizea jaso eta tximinia bidezko efektuaren bidez behera garraiatzen dute, lurpeko espazio eta sinagogetara, non, haize beroak uraren hezetasuna jasotzen duen, ondoren, espazio publikoetako gelak betetzeko.Estrategia berdina erabiltzen dute, etxebizitza eredu tradizionalen eraikuntzarako.
Haize-dorreak, beraz, ez dira hiriko eraikin handien gainetik ikus daitezkeen dorreak soilik; aire-girotu sistema-mekaniko naturala lortzeko eraikuntza estrategikoak dira.
Etxe arruntetan, adibidez, Irak-eko etxe tradizionaletan, ez dira dorreak, baizik eta itxitura sisteman integratutako kondukzio-bideak:
Lurralde lehorretako eraikuntza sistemak, beroarekiko inertzia termiko handiko elementuak erabiltzen ditu itxitura osatzeko. Horrek, tenperatura altuen aurrean babesten du eraikinaren barnekaldea, baina ez da nahikoa bizitokiaren konforta lortzeko beharrezkoa den gutxienezko hezetasun-erlatiboa mantentzeko. Hori lortzeko, bagdir edo haize-dorre-en sistema erabiltzen da:
Etxeak inguratzen duten azaleko itxitura horma bikoiztu egiten da, inertzia handiko bi trenkada-hormen bidez. Kanpoko hormak, barnekaldekoa babesten du eguzki-izpien radiazioez. Bi hormen tartean espazio bat usten da, aire-kamara osatzeko, eraikinaren ebaketa osoan zehar goitik-behera jarraitua dena. Aire-kamara itxitura-hormen artean dagoenez, horien inertzia-termikoa handitzeko balio du, baina hori ez da bere funtzio nagusia. Itxitura hormak, tximinia moduan, eraikinaren estalkitik gora altxatxen dira, eta tximiniek bezala, goikaldean irekidura batzuk dituzte, bi hormen arteko aire-kamaran haizea sartzeko. Hormek, beraz, aire-kamarari esker, kanpoko haizea eraikinan zehar, goitik behera bideratzen dute; etxearen haize-dorreak dira. Horma eraikinaren sotoan amaitzen da, eta bertan, ere, irekidura edota pitzadura batzuk ditu, haizea kanporatzeko. Sotoa lurraren maila-freatikotik oso gertu dago, Irak-en maila-freatikoa oso sakonera txikian aurkitzen baita. Hori dela eta, sotoko hezetasuna eraikinaren gainontzeko espazioetan dagoena baino askoz handiagoa da. Horrez gain, haize-dorretik haizea irteten den puntu estrategikoetan ur-biltegiak kokatzen dira. Kanpotik hartutako eta hormetan zehar sotora bideratutako haize beroak sotoko biltegietako ura lurrundu eta sotoko hezetasuna hartzen du, ondoren sotoko goikaldeko lehiatila batzuen bidez eraikin osoan zehar zabaltzeko.
Haize-dorreen bidez lortutako hezetasuna denbora luzeagoaz mantendu ahal izateko, eraikina barnera begira diseinatua dago: Erdiko patio baten inguruan biltzen da, landaredia anitza daukana; landarediak, itzala eskeintzeaz gain, haize dorreetatik datorren aire hezea denbora luzeagoaz mantentzen laguntzen dute, eta giro erosoa sortzen dute. Erakinaren gela eta espazio guztiek lorategia den patio horri begira diseinatuak daude, eta, gehienetan, ez daukate kanpoko kalearenkin inolako erlazio zuzenik.
Ikus daitekeenez, arabiar lurraldeetako ustezko arkitektura kaotikoak, Europan modan dagoen Diseinu-Inteligentea, Teknologia-Aproposa eta bestelako kontzeptu “berri” guztien erabilera egiten du. Hala ere, garapenearen izenean, munduko potentzia boteretsuenek Irak-eko, Dubai-ko eta bestelako hiri arabiarren berritze lanetan, etxe zaharkituak eraisten ari dituzte, dorre altu, plaza zabal eta eraikin teknologikoak eraikitzeko. Hori bai, eraikin guztiak arkitektura iraunkorra aplikatuko dute, herrialde azpigaratuei energia aurrezteko eredua emateko.
Bibliografia:


No hay comentarios:
Publicar un comentario